Bloga, hezkuntza tresna bezala, ohiko liburu, lan-koaderno eta irakaslearen azalpenez gain, lan egiteko modu berriak eskeintzen dituen euskarri erakargarri batean bihur daiteke. Proposamen didaktikoak lantzeko aukera zabalak eskeintzen ditu, baldintza bakarra ordenagailuak eta internetarako konexioa izatea direlarik. Hemendik aurrera, oso erraza gertatzen da Blog bat sortzea, ez dira ezagutza teknologiko handirik behar eta bera diseinatzeko aukerazko ereduak aurkezten ditu.
Era eskotako Blogak sortu daitezke, irakaslearen Bloga, gaikako Blogak, proiektu bat lantzeko Bloga, ikasgelarena, irakasleen artekoa, eskolakoa, ikasle taldeena, bakarkakoa... Komunikaziorako tresna eraginkorra da, irakasleak edukiak zabaltzeko, jarduerak proposatzeko, aholku, ohar (ikasle nahiz gurasoentzat) edo lan ildoak zabaltzeko erabili dezake. Ebaluazio tresna bezala ere, irakasleak ikasleen ekoizpenak modu jarraian eta zuzenean ebaluatzeko aukera du, autoebaluaziorako ere aproposa izanik.
Bloga erraminta aktiboa eta dinamikoa da, iruzkinen bitartez edonork hartu dezake parte modu erraz eta azkarrean, ekarpenak, iritziak edo zalantzak argituz. Bertan argitaratzen diren, informazio, eduki eta jarduerak ikasgelako espaziotik haratago doaz. Edonon izanik edozeinek du irakurtzeko eta parte hartzeko aukera, edukiak besteekin erraz partekatuz (guraso, lagun, beste eskoletako ikasleak...) Ikasleentzako tresna erakargarria izan daitekeela uste dut. Norberak bere gustora pertsonalizatu dezake, aplikazio, argazki eta gustuko loturak erantsiz. Gainera, testuez
gain, argazki, bideo eta beste euskarrietan egindako lanak aurkezteko eta trukatzeko aukera dute. Bestalde ikasleen sormena, idazteko eta irakurtzeko zaletasuna pizteko, bakoitzaren irrikak edo hausnarketak konpartitzeko eta talde lana bultzatzeko erraminta aproposa dela iruditzen zait.
Komunikazioa eta hizkuntza lantzeaz gain, konpententzia digitala eta informazioaren trataeran trebatzeko erabilgarria gerta daiteke, tresna teknologikoak erabiliz, irudiak aukeratuz, informazioa aukeratu, antolatu eta ezagutza berriak sortuz eta banatuz.
Mari Bernal Alberdi

No hay comentarios:
Publicar un comentario